Ez da erraza gai horri buruz, hots, euskal literatura eta emakumeak, ganorazko ezer esatea, bazter guztietatik ihes egiten dizula sentitu gabe. Zinez gai serioa baita, ez ariketa akademiko soil bat edo, oraindik gutxiago, gure gizartean hain ugariak eta indartsuak diren jolas kontsumista eta ikuskizunzale horietako bat. Baina hala egokitu zait niri eta langintza hori betetzen saiatuko naiz, zailtasun horiek oro aipatzeke utzi gabe, haatik.
Lehenengo eta behin, bada oinarrizko egiaztapen bat, halabeharrez ororen buru jarri beharrekoa: emakumeak zapalkuntza historiko sistematiko baten biktima izan dira gure gizartean, menderik mende, lehen albiste historiko ziurrak ditugunetatik eta, ziur aski, lehenagotik ere. Dramatismoan erori gabe ere, komeni da datu hori buruan atxikitzea ondoko erakusketaren nondik norakoak ulertu nahi badira.
Erakusketa zabalik egongo da Liburu Azokak iraun bitartean, Bilboko Areatzan.
Ondorioz, Europako literaturaren historian behintzat, emakumeak beti bigarren mailan agertu dira, idazle gisa bereziki (irakurle gisa gutxiago, ziur aski, baina hori beste gai bat da). Egia da beti egon direla emakume idazleak eta kritika feministak urtero-urtero ildo horretako datu berriak azaleratzen dituela, historiaren ezagutza osoago baten alde, baina, oro har, emakume idazleak gutxi izan dira eta beren agerpena marjinala izan da beti. Ñabardurak ñabardura, berdin antzera Frantzian, Espainian, Ingalaterran... eta, noski, baita Euskal Herrian ere, eta baita gurea bezalako literatura txiki, pobre eta marjinal batean ere, hots, euskal literaturan.
Noiz hasi zen egoera hori aldatzen? Gizarte tradizional batean, alegia, inprentaren sorreratik XIX. mendea ondo sartuta egon arte, emakumearen posizioa literatur-sisteman nahikoa egonkorra izan dela esango nuke; aldaketa industria iraultzaren ondoren abiatzen da, hau da, masa-gizarte urbano eta modernoa agertzen eta trinkotzen hasten den mementutik. Gizarte berri horretan emakumearen posizio orokorra aldatu egiten da (ez beti eta halabeharrez hoberako) eta hori literaturan ere igartzen da: gero eta normalagoa da emakumeek paper aktiboa eta nabarmena hartzea gizartearen aurrean, adibidez, emakume idazleak agertzea gizonezkoen ondoan eta nolabaiteko berdintasunean. Jakina denez, prozesu hori, beti Europari dagokionez, guztiz azeleratzen da 1968ko iraultza kulturalaren ondoren; hori da, funtsean, gure gaurko mundua, eta horretan ugariak dira emakume idazleak eta sexu bien arteko berdintasuna sozialki guztiz onartuta dagoen helburu bat da. Lortu ote da dagoeneko? Hori beste baterako utziko dugu.
Prozesu historiko baten deskribapena
Goazen, baina, gure erakusketa laburki azaltzera. Beste toki batean duzue idazle eta liburu guztien zerrenda, eta ez dugu hemen errepikatuko. Oinarrizko datu bat emango dugu: Azkue Bibliotekaren asmoa izan da prozesuaren lehen bi etapak erakustea, hots, arestian esandakoari segituz gizarte tradizionala eta lehen modernizazioa izenen bidez ezaugarritu daitekeena (labur eta baldar), eta alde batera utzi dugu gaur egungo idazleak jasotzea; hori, hain zuzen ere, Azokaren arduradunek egin dute eta erakusketaren mahai gehienetan ikus daitekeena da. Gurea, aldiz, prozesu historiko baten deskribapena da eta mahai bakar batean dago jasota.
Gizarte tradizional batean (XV-XIX. m.) emakume idazlea beti bitxikeria bat da, alegia, suposatzen da emakumeek ez dituztela liburuak idazten eta argitaratzen (eta hala da ia beti) baina beti dago kasu bitxi eta bereziren bat, hau da, harrigarriro argia eta bizkorra omen den emakumeren bat, gizonek bezala liburuak idazten dituena. Eta, orduan, gizonek, gizarteak bere osotasunean, bitxikeria bezala onartzen dute. Hori da gure Bizenta Antonia Mogelen (1782-1854) kasua. Bilbotarra, euskaltzalea, osaba apaiz idazle bereziki kulturadun baten iloba eta beste antzeko baten arreba, bere lan nagusia da Ipui onak (1804), asmo didaktiko eta moralista nabarmenez egindako fabula klasikoen itzulpen-moldaketa bat.
Emakume militantea
Euskal Herriaren industrializazio eta urbanizazioak, bereziki Bizkaia eta Gipuzkoarenak, gauzak dezente aldatu zituen XX. mende hasierarako. Emakume-mota berri bat agertu zen, emakume militantea, presentzia sozial handiagoa eskatzen zuena. Euskal literaturaren esparruari dagokionez ere aldaketa igarri da: orain ez dira kasu bakanak, aitzitik, multzo bat da, bere burua gizarteari aurkezten diona: Julene Azpeitia (1888-1980), Tene Muxika (1888-1981), Errose Buztintza (1899-1953) ... Gure kasuan ia guztiek ezaugarri komun bat dute: militantzia politiko zuzena edo zeharkakoa EAJren inguruan. Izan ere, errakuntza bat da pentsatzea emakume berri militante hauek ezkerraren inguruan baino ez direla agertzen; aitzitik, Euskal Herrian bereziki, eta euskal kulturaren esparruan areago, kristau ildoko eraberritze eta modernizazio sozialak pisu handia izan zuen, egiten den edozein idazle-zerrendak erraz frogatzen duen moduan.
Dena den, emakume hauen asmo literarioak oraindik ere aski mugatuak dira, eta salbuespen gisa ez bada, oraindik ere esparru konkretu batzuetara bideratzen dira: umeentzako ipuinak eta herritar xeheentzako antzerkiak, kasu bietan helburu didaktiko eta moralista nabarmenez. Baina jada hasi dira agertzen poemak, hots, idazle baten autoafirmaziorako genero bereziki garrantzitsua. Hori da, adibidez, Balendiñe Albizuren (1914-2002) kasua. Errepara dezagun, dena den, hori dela hautatu dugun idazlerik gazteena. Zeren, gurean ere, emakume idazleen zinezko eztanda 1968tik aurrera hasiko da, eta gaur egun puri-purian dago. Baina hori beste historia bat da, erakusketaren ondoko mahaietan ikusten ahal dena.