Miren Lourdes Oñederra hizkuntzalari eta euskaltzainak parte hartuko du datorren astean -ekainaren 12tik 14ra- Leideneko Unibertsitatean (Herbehereak) egingo den "Prescription and Tradition in Language" (Araua eta tradizioa hizkuntzan) izeneko biltzarrean. Oñederrak ekainaren 14an hartuko du parte, eta "Basque pronunciation: dialectal richness vs. strength of the Standard in a minority language" (Euskararen ahoskera: euskalkien aberastasuna eta estandarraren indarraren aurrez aurre, hizkuntza gutxitu baten kasuan) hitzaldia emango du.
Euren historian zehar, hizkuntzek izan dituzten estandarizazio prozesuak kontuan hartuz, oso estatus ezberdina duten hizkuntzen esperientziak aztertuko dira biltzarrean. Kultura, erlijioa, ideologia, politika edota hezkuntza bezalako faktoreen eraginaz mintzatuko dira adituak, besteak beste.
Oñederra euskaltzain osoa da, 2007ko azaroaren 30ean izendatua. Filologia Hispanikoan lizentziaduna, eta Euskal Filologian doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da. Idazlea ere bada, eta besteren artean, Eta emakumeari sugeak esan zion liburuaren egilea da, sari asko jaso zuena. Orain gutxi Intemperies (babes bila) lana argitaratu du.