Larunbatean, maiatzaren 18an, Jean-Louis Davant euskaltzainaren Antoine d’Abbadie, Abbadiaz liburua aurkeztu da Maulen, Euskaltzaindiaren eta Mauleko Herriko Etxeko Kultura Sailaren ekimenez.
Mixel Etxebest Maule-Lextarreko auzapezaren ongietorriaren eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskerren ondotik, Jean-Louis Davantek azaldu du nor zen XIX. mendeko zientzialari, euskalari eta euskal kulturaren mezenas hori (1810-1897).
Jean-Louis Davantek Zuberoako Ürrüstoiko zen Antoine d´Abbadieren bizitza eta obrak aztertu ditu. D´Abbadiek alor asko landu zituen: astronomia, hizkuntzalaritza, geografia... Urte asko eman zituen Etiopian, eta hango hizkuntzak, etnologia eta, batez ere, geografia sakonki aztertu zituen. Frantziako Académie des Sciences erakunde zientifikoaren lehendakaria izan zen ere. Horrez gain, Euskal Herria beti izan zuen gogoan eta euskal kulturgintzaren bultzatzaile handia izan zen, besteak beste, lore jokoak sortuz eta sustatuz.
Hots, Jean-Louis Davanten ustez, Antoine d’Abbadie da Euskal Herriak eman dituen seme garrantzitsuenetatik bat. Aurkezpenean, Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkaria, Jean-Baptiste Coyos Zuberoako euskaltzaina eta Julien Erbin Ürrüstoi-Larrabileko auzapeza ziren, besteak beste.
Antoine d’Abbadie, Abbadiaz, Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 19. zenbakia da.