Euskera agerkariaren 2011ko hiru zenbakien edukiak, Azkue bibliotekan katalogatu eta indexatu ostean, Euskaltzaindiaren webguneko Euskera agerkariaren hemerotekan integratu dira. Euskera agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero; 2011ko zenbakiei dagokienez, hiru zenbaki horiek bi liburukitan bildu ziren: Euskera 2011, 56, 1-2 eta Euskera 2011, 56-3.
Euskera 2011, 56, 1-2 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak bildu dira: Jean-Baptiste Coyos euskaltzainaren sarrera-hitzaldia; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Tafallan egin zen ageriko bilkura; edota Jose Antonio Arana, Vahan Sarkisian, Xabier Gereño eta Fernando Mendizabal euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak.
Euskera 2011, 56, 3 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak ("Arabatik Arabara euskaraz") eta Akademiak "Agosti Xaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian" izenburupean Baionan egin zuen jardunaldia.
Euskera agerkarian biltzen diren artikulu guztiak, Euskaltzaindiaren webgunetik landa, Inguma, ISOC eta Dialnet datu-baseetan ere jasotzen dira. Datu-base hauetan, agerkariaren aurreko zenbakietan, egile jakinek idatzi eta ikerketa lantzat har daitezkeen edukiak ere aurki daitezke.