Aurtengo azaroan ehun urte beteko dira Iñaki Eizmendi “Basarri” bertsolari, kazetari, idazle eta ohorezko euskaltzaina jaio zela. Hori dela-eta, urte osoan zehar haren omenezko egitarau zabala prestatu dute Zarauzko Udalak eta "Montxia" Bertso Eskolak, Zarautz Abesbatza, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Bertsozale Elkartea eta Foru Aldundia erakundeekin batera. Maiatzaren egitarauari dagokionean, lehen ekitaldia aste honetan bertan izango da: etzi, maiatzaren 9an, Pello Esnalek eta Nikolas Zendoiak "Basarri. Hitza eta itzala" hitzaldia emango dute. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Sanz Enea Kultur Etxean.
Hurrengo ekitaldia, maiatzaren 12an, "Txinpirin eta Zarautz Txiki" abesbatzak eskainiko duen kontzertua izango da, Torre Luzea parkean, 11:30etik aurrera. Maiatzaren 15ean, asteazkenean, "Gu ere bertsotan" egitasmoaren amaiera ekitaldia egingo da, Udal Kiroldegian, 17:30ean. Eta maiatzaren 16an, "Basarriren kazetaritza lana" hitzaldia eskainiko du Joxe Mari Iriondok, 19:00etan, Sanz Enea Kultur Etxean.
"Basarri" 1913ko azaroaren 27an jaio zen. Hortaz, hil horretan egingo dira Zarautzen ekitaldi garrantzitsuenak: "Basarri"-ri buruzko erakusketa eta "Basarritik Azken Portura" jaialdia. Euskaltzaindiaren parte hartzeari dagokionez, hilaren 28an, Akademiaren Herri Literatura batzordeak ageriko ekitaldi bat burutuko du, eta 29an Euskaltzaindiak Osoko Bilkura egingo du Zarautzen.