Aspaldidanik irakasle- eta ikuskari-talde atzerritarrak etortzen dira Euskal Autonomia Erkidegora lehen eta bigarren hezkuntzaren antolamendua aztertzera, Europar Batasunako Socrates (edo Arion) izeneko programaren markoan. 2013ko apirilaren 22tik 26ra bitartean, oraingo emanaldi honetan Alemaniatik, Austriatik, Finlandiatik, Frantziatik, Irlandatik, Italiatik, Letoniatik, Poloniatik, Portugaletik, Slovakiatik eta Txekiar Errepublikatik etorritako irakasleek aukera dute, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eskuz, EAEko hezkuntza-sistema ezagutzeko.
Hiru lurraldeotako hezkuntza-sistemaren berezitasun bat, dudarik gabe, elebitasuna da (eta are, ingelesa ere zenbaitetan irakas-hizkuntza den neurrian, eleaniztasuna). Hori dela eta, eta beste hainbat hizlari bezala, Euskaltzaindiko teknikaria den Nikolas Gardner (Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoa) bildu da bisitariekin. Ordubeteko saioan, azken hogeita hamabost bat urtean hezkuntza arloan euskararen estatusa hobetzeko ahaleginak laburbildu eta azaldu ditu, bertakoen galderei erantzunez.