Gaur, apirilaren 17an, AEKk eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. AEKren izenean Mertxe Mugika koordinatzaile nagusiak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eñaut Mitxelena AEKk kaleratzen duen Aizu! aldizkariaren zuzendaria eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria ere ekitaldian izan dira.
Hitzarmen horrek AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sendotzea du helburu. Bai Andres Urrutiak, baita Mertxe Mugikak ere, beren poza adierazi dute. “Orain gutxi -gogorarazi du Mugikak- Korrika egin dugu, “Eman euskara elkarri” lelopean. Eta gaurko sinadura honek horren adibide garbia da, hemen bi erakunde elkartu garelako euskara elkarri emateko”.
AEKren historia ulertzeko Euskaltzaindia ulertu behar dela esan du jarraian, eta hala adierazi du ere Andres Urrutiak. Honen esanetan, “Euskaltzainditik bertatik sortutako AEKrekin sinatzen dugu. Eta AEKk aspaldian lortua du heldutasuna. Beraz, sinatze honek esan nahi du AEKtik sortutako fruitu eder eta oparoak berriro datozela Euskaltzaindira”.
Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, argitaraturikoaren euskarazko testu-multzoa, Aizu! aldizkarian sortutakoa batez ere, Akademiaren eskuetan jarriko du AEKk. Lexikoaren Behatokiaren xedea corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua eraikitzea da. Egitasmo horretako testu-masak hainbat hedabidek euskaraz ekoitzitako berriak -ahozkoak nahiz idatzizkoak- hartzen ditu oinarritzat, zurrupatuz eta corpusaren zoru bihurtuz. Akademia; UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatzen ari da.
Horretaz gain, hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
- AEKk antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza, eta bereziki hizkuntzaren jakiteari zein erabilerari dagokien prestakuntzan, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartu, eta hauek zabaltzeko moduak landuko ditu.
- AEKk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta horiei buruzko iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu. Halakoetan, teknologia berrien erabilera sustatuko da.
- Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatuko dituzte. Gainera, argitalpen-egitasmoak partekatuko dituzte.
- Erakunde biok erraztasunak emango dizkiote elkarri egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko.
Helburu hauek lortzeko, AEKk eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena. Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du.