Datorren asteazkenean, apirilaren 17an, AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatuko da, Akademiaren egoitzan, goizeko 11:30ean. AEKren izenean Mertxe Mugika koordinatzaile nagusiak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eñaut Mitxelena Aizu! aldizkariaren zuzendaria eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria ere ekitaldian izango dira.
Hitzarmen horrek AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sendotzea du helburu, eta euskararen normalizaziorako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da, euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean batez ere. Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, AEKk argitaraturikoaren euskarazko testu-multzoa, Aizu! aldizkarian sortutakoa batez ere, Akademiaren eskuetan jarriko du.
|