Euskaltzaindiak ere bat egin du 18. Korrikarekin, eta datorren igandean, martxoaren 24an, lekukoa eramango du Baionan, euskararen aldeko lasterketaren 2.584. kilometroan. Erakundearen izenean, Xarles Videgain Akademiaren buruordeak eta Jean-Baptiste Coyos Jagon Sailburuak eramango dute. Rue Neuve karrikan hartuko dute lekukoa, 12:22an, Lokarri gizarte mugimenduaren eskutik, eta Baionako geltokiraino eramango dute, bertan Ikastoletako ordezkariei pasatzeko.
18. Korrika martxoaren 14an abiatu zen, Andoaindik, Martin Ugalde kultur parketik. Ordutik, "Eman euskara elkarri" lelopean, lekukoa eskuz esku dabil, Euskal Herrian zehar. Gaur arratsaldean Bilbon izango da eta larunbatean Donostian. Igandean, goizeko 11:10ean, Baionara helduko da. Hango ibilbidea bete ondoren, 12:30ak aldera, irakurriko dute lekukoaren barruan dagoen mezua.