Berrizko toponimia-mapa kaleratu da. Otsailaren 20an Udaletxean eginiko ekitaldi batean, 2008az geroztik egin den ikerketaren emaitza jasotzen duen mapa toponimikoa aurkeztu zen, eta herritar guztien eskura jarri. Aurkezpena hauek egin zuten: Rolando Isoird alkateak, Jon Ander Ramos ikertzaileak eta Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika Zerbitzuko arduradunak.
640tik gora izen jaso dituen mapa hau prozesu luze baten lehenengo emaitza baino ez da. Datozen asteetan, Udalak 19 panel ipiniko ditu auzoetako hainbat puntutan, baserrien izen normalizatuekin. Geroago Gpsren bidez etxe guztietara heltzeko aplikazio bat jarriko da herritar eta erabiltzaileen esku. Izenen ahozko formak eta esanahiaren azterketa ere batu dira ikerketan, eta aurrerantzean liburu bat plazaratzea aztertzen ari da.