Datorren ostiralean, otsailaren 22an, Agurtzane Azpeitiaren Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak liburua aurkeztuko da Euskaltzaindiaren egoitzan, goizeko 11:30ean. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 29. zenbakia da, eta Mondragon Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.
Koldo Mitxelenaren zinema- eta liburu-kritiketako diskurtso-estrategiak: enuntziatu parentetikoak, 2010ean, Agurtzane Azpeitiak aurkeztutako tesiaren bertsio ukitua eta laburtua da. Elixabete Pérez Gazteluk zuzendaritzapean egindako tesi horren helburua hau da: Koldo Mitxelenak bere diskurtsoa modu komunikagarri batean atontzeko darabiltzan zenbait diskurtso-baliabide edo estrategia aztertzea: “egitura parentetikoak”, edota zenbait autorek “intziso” edo “tarteki” izendatu izan dituztenak, hain zuzen. Agurtzane Azpeitiaren hitzetan, “esatariak norentzakoari, edo mezua irakurtzean buruan zuen irakurle potentzialari, egiten dizkion keinuak dira enuntziatu parentetikoak, testutik bertatik mezuaren interpretazioa (nora)bideratu eta gidatzeko erabiltzen dituenak”.