Bihar, otsailaren 20an, Berrizko (Bizkaia) udalerriko toponimia-mapa aurkeztuko da. Lanerako, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak utzitako datu-basea abiapuntua izan bada, Jon Ander Ramos jaunak egin zuen toponimia ikerketa erabili izan da osatzeko. Lan osoa Onomastika zerbitzuaren arduraduna den Mikel Gorrotxategiren gidaritzapean egin izan da. Biharko aurkezpenean biek hitz egingo dute eta egindakoaren nondik norakoa azalduko. Ramos eta Gorrotxategirekin batera, Rolando Isoird alkatea ere mintzatuko da aurkezpenean.
Urteetako lana izan da, eta galdutako izen asko berreskuratu ditu ikertzaileak. Izenen egokitasuna aztertzeko landa lanaz gain, jende aurreko aurkezpena egin da. Izan ere, 2010eko abenduan, bildutako izen guztiak mapa eta argazkietan kokatu, eta erakusketa bat egin zen, jendeari zuzenketak edo beste ekarpenak egiteko aukera emateko. Horretaz gain, baserri izenen inguruko zalantzak argitzeko gutunak igorri zaizkie jabeei.
Aurkezpen-ekitaldia Udaletxean egingo da, bihar, goizeko 11:30ean.