1995eko apirilaren 28an eman zuen Euskaltzaindiak kanpoko leku-izenei buruzko lehen araua (32. araua: Espainiako Erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak). Eta 2012ko urriaren 18an eman zuen azkena (172. araua: Itsaslasterren izenak, itsasgune batzuen izenak eta Antartikako toponimia).
17 urte eta erdiko tarte horretan (dena den, 1997tik 2004ra ez zen eman kanpoko leku-izenei buruzko araurik), 27 arautan mundu osoko milaka leku-izen bildu dira, hasi Euskal Herriaren ondo-ondoan daudenekin (hala nola Bearnoko Oloroe-Donamaria, Aragoiko Salbaterra Ezka edo Errioxako Nafarruri), eta Euskal Herritik ezin urrunago daudenetaraino (hala nola Zeelanda Berriko Hego uhartea, Antartikako Gilen II.aren Lurraldea edo Siberiako Kamtxatka penintsula).
Hauek dira arauak:
- 32 Espainiako erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak
- 36 Frantziako errepublikako eskualde-, departamendu- eta hiriburu-izenak
- 38 Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak
- 51 Kontinenteak, geografia izen nagusi batzuk eta herritarren izenak
- 52 Munduko geografiako zenbait izen (mendiak, ibaiak, itsasoak)
- 59 Ibaiak
- 60 Aintzirak
- 70 Mundu zabaleko uharte nagusiak
- 142 Antzinateko eskualdeen euskarazko izenak
- 147 Antzinateko hirien euskarazko izenak
- 149 Euskal Herri inguruko exonimoak
- 151 Espainia-Frantzietako eskualdeen izenak
- 154 Europako eskualde historiko-politiko nagusiak
- 156 Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema
- 157 Europako hiriak
- 158 Kanpoko leku-izenak euskaraz ahoskatzeko irizpideak
- 159 Europako toponimia fisikoa
- 162 Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia
- 163 Georgieraren eta armenieraren alfabetoetan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistemak
- 164 Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia
- 165 Arabieraren alfabetoan idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema
- 167 Saharaz hegoaldeko Afrikako toponimia
- 168 Afrikako kolonialeko toponimia
- 169 Ozeaniako toponimia
- 170 Amerikako toponimia
- 171 Asiako toponimia
- 172 Itsaslasterren izenak, itsasgune batzuen izenak eta Antartikako toponimia
OHARRA: badira bi arau exonomastikarekin zerikusia dutenak: 47.a (Hizkuntza hilak eta klasikoak), eta 53.a (Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak; dena den, arau honetako edukia 38. araura eraman zen, eguneraturik; beraz, 53. arauko edukia zaharkitua dago), eta gomendio bat, Kosten izenak, 2007an emana.
Leku-izenen euskarazko grafia arautzeaz gainera, kanpoko leku-izenen eraketari, deklinabideari, ahoskerari eta transkrizpioari buruzko erabilera-ohar eta gomendio ugari bildu dira arauetan. Eta, leku-izenez gainera, hizkuntza-izenak (punjabera, kirgizera…) eta herritarren izenak (kabuldar, estatubatuar…) ere arautu dira. Emaitza oparo hori lortuta, Euskaltzaindiak uste du oinarrizko corpus exotoponimiko arautu horrekin burututzat jo daitekeela munduko leku-izenen araugintzaren lan nagusia. Aurrerantzean, uste izatekoa da eguneratzeak baino ez direla beharko.
Hain zuzen ere, oinarrizko araugintza burutzearekin batera, eguneratze batzuk egin dira arau batzuetan (eguneratze gehienak 171. arauaren aurkezpenean bertan iragarri ziren), eta akats-zuzenketa txiki batzuk ere bai. Horiek guztiak guzatuta daude dagoeneko arauetan, baina beharrezkoa da haien berri ematea erabiltzaile guztiak jakinaren gainean jartzeko. Hona hemen:
Aldaketak kanpoko leku-izenen arauetan (eguneratzeak eta akats-zuzenketak)
Araua | Lehengo testua | Oraingo testua |
38 | Kirgizistango hiriburua: Bishkek; bishkekar |
Kirgizistango hiriburua: Bixkek1; bixkekar |
38 | Mauritaniako hiriburua: Nuakchot; nuakchotar |
Mauritaniako hiriburua: Nuakxot 2; nuakxotar |
38 | Tajikistango hiriburua: Dushanbe; dushanbetar |
Tajikistango hiriburua: Duxanbe1; duxanbetar |
38 | Turkmenistango hiriburua: Ashgabat; ashgabatar |
Turkmenistango hiriburua: Asgabat3; asgabatar |
38 | Uzbekistango hiriburua: Tashkent; tashkentar |
Uzbekistango hiriburua: Taxkent1; taxkentar |
52 | Rhetiako Alpeak | Retiako4 Alpeak |
60 | Balkash [Balkash aintzira] | Balkhax1 [Balkhax aintzira] |
70 | Ternua / Ternuan / Ternuko | Ternua / Ternuan / Ternuako |
70 | Kyüshü / Kyüshün / Kyüshüko (gaztelaniaz) Kyüshü (frantsesez) Kyu-Shu |
Kyushu5 / Kyushun / Kyushuko (gaztelaniaz) Kyushu (frantsesez) Kyushu |
70 | Makaronesia6 | |
142 | Rhetia | Retia4 |
169 | Osagawara uharteak7 |
- Alfabeto zirilikotik transkribatuz gero, 156. araua aplikatuta, -sh- kontsonante-taldearen ordez -x- behar du.
- Nuakchot grafia ez da logikoa, baldin eta grafia egokitu behar bada. Frantsesezko grafia egokituz gero, hala nola gaztelaniaz, alemanez edo txekieraz egin den moduan, Nuakxot grafia legokioke. Gainera, Hego Euskal Herrian, ch hori utzirik, gaztelaniazko ch moduan (euskarazko tx) ahoskatzeari zabaltzen zaio bidea. Arabieratik transliteratuta, Nawākšū izango litzateke, baina grafia hori oso urrun dago nazioartean ezaguna den grafiatik. Estatu-hiriburua denez, aukera hori ez da egokitzat jo. Horrenbestez, lehenago erdibidean utzitako grafia-egokitzapena bururatzea eta Nuakxot jartzea hobetsi da.
- Turkmeneraz Aşgabat da, eta errusieraz Ашхабáд. Errusieratik transkribatuz gero, Axkhabat behar luke euskaraz 156. araua aplikatuta. Gaur egun, dena den, Turkmenistanen turkmenera da hizkuntza ofiziala. Horregatik, Aşgabat legokioke, egokituko ez balitz. Nolanahi ere, turkmenera hizkuntza turkikoen familiako hizkuntza da, turkiera bezala, eta latindar alfabetoz idazten da gaur egun. 162. arauak, turkieraren alfabetoak daukan ş letrari dagokionez, dio onargarria dela letra horren ordez s sinplifikazioa egitea testu ez-espezializatuetan eta dibulgazio-testuetan. Horregatik hobetsi da Asgabat grafia.
- Antzinateko eskualdeen grafia latinetik mailegatu ohi da, eta rh kontsonante-taldea r egin ohi da, araututa dauden beste kasu hauetan bezala: Rodas uhartea (latina: Rhodus, Rhodos); Renania eskualdea (latina: Rhenania); Tirreniar itsasoa (latina: Tyrrhenicum mare, Tyrrhenum). Horregatik, araututako gainerakoekin bat etorrarazteko, Retia grafia hobetsi da.
- Lehengo testuan agertzen ez ziren u dieresidunak (ü) ez zeuden ondo, Hepburn erromanizazioan makron diakritikoa (¯) erabiltzen baita bokal luzeak adierazteko. Alegia, Kyūshū behar luke, eta ez Kyüshü. Asiako arauan (171. araua), japonierari buruzko atalean, aipatzen da testu espezializatuen eremutik kanpo ohikoa dela diakritikoak ez idaztea, eta hala ematen da zerrendan. Bi arauetan forma bera ager dadin, 70. arauan ere Kyushu jarri da.
- Makaronesia Ipar Atlantikoan Afrikatik gertu dauden zenbait artxipelagoren izen kolektiboa da. Azore uharteek, Kanaria uharteek, Cabo Verdek eta Madeirak osatzen dute Makaronesia. 172. arauko leku-izenekin batera arautu zen Makaronesia leku-izena, baina, itsasgunea ez denez, 172. arauan sartu beharrean, uharteen arauan (70. arauan) txertatzea hobetsi da.
- Leku-izena Ogasawara da, eta ez *Osagawara. Eta Asian dago, ez Ozeanian. Asiako toponimiaren arauan (171. arauan) agertzen denez, ezabatu egin da Ozeaniako toponimiaren arautik.
Jose Luis Lizundia eta Alfontso Mujika
Exonomastika batzordea