Larunbatean, urtarrilaren 19an, Txomin Peillen euskaltzainaren Jon Mirande, olerkaria liburua aurkeztu zen Maulen, Euskaltzaindiaren eta Mauleko Herriko Etxeko Kultura Sailaren ekimenez.
Mixel Etxebest Maule-Lextarreko auzapezaren ongietorriaren eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskerren ondotik, Christian Angelié-Mirande idazlearen ilobak azaldu zuen nor zen gazte denboran ezagutu zuten osaba. Gizon misteriotsua, bere logela egoten zena liburuek ingurututa.
Pablo José Aristorena kazetariak Jon Miranderen bizitza ikertu du, Parisen, eta hari esker idazle madarikatua ezagutzen dugu gehiago. Azkenean, Txomin Peillenek azpimarratu zuen nola idazketa izan zen Miranderen maniako-depresibotasunaren sendagai nagusia. Peillenen ustez, Mirande da lehen euskal olerkari modernoa. Euskal idazle askori bidea ideki die. Zuberotar protestatzaileen tradizioan kokatzen da Mirande.
Jon Mirande, olerkaria (Jon Mirande poète parisien), Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 18. zenbakia da. Peillenek hautatutako berrogeita bi olerki bildu dira, frantsesez eta euskaraz aurkeztuak. Liburuan ere, Christian eta Alain Angelié-Mirande idazlearen ilobek, Pablo Aristorenarekin batera, Miranderen eta haren familiaren biografia idatzi dute.
Txomin Peillen euskaltzainak aurkezpenean esan zituen hitzak jaso ditugu hemen.
(Argazkian: Txomin Peillen, Andres Urrutia, Pablo José Aristorena eta Christian Angelie-Mirande. Argazkia: Joanes Etxebarria)
Txomin Peillenen hitzak: "Jon Mirande parisent eta zuberotar" (PDF, 31,74 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.