Datorren ostegunean, urtarrilaren 17an, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena sariak banatuko dituzte Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak. Sari-emate ekitaldia goizeko 11:00etan izango da, Bilbon, Bizkaia Aretoan.
Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sariak Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak sortuak dira, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira eta hauxe da hirugarren edizioa. Sariak bost jakintza-arlo nagusitan banatzen dira: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa Teknikoak; Osasun Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak. Edizio honetara UPV/EHUn, 2010eko uztailaren 16tik 2012ko ekainaren 15era bitartean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izan dira.
Ostegunean egingo den ekitaldian, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak banatuko dira eta sariok jaso dituzten egileak bertan izango dira. Egileez gain, hauek izango dira sari-emate ekitaldian: Andres Urrutia euskaltzainburua, Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Xabier Etxaniz EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria.