Euskera agerkariak 2009an eraberritze prozesu bat abian jarri zuen. Latindex irizpideak bete eta aldizkari zientifiko gisa homologatu nahian, hainbat aldaketa gauzatu ziren: kanpo adituen ebaluazioak, artikuluen laburpen eta hitz-gakoak lau hizkuntzatan argitaratzea, datu-base garrantzitsuetan indexatzea eta abar.
Euskera agerkariaren bitartez helburu bikoitza gauzatu nahi du Euskaltzaindiak. Alde batetik, bere jardun akademikoaren berri eman, eta, bestetik, euskararen alorreko ikerketa bultzatu. Asmo honi atxikiz, eta teknologia berriak ematen dituzten aukerak baliatuz, gure irakurleenganako harremana eta irisgarritasuna sustatu nahi ditugu. Hargatik, Euskaltzaindiak, irakurleek aldaketa hauek nola balioetsi dituzten jakiteaz gain, gai zehatz batzuei buruz irakurleek duten ustea ere ezagutu nahiko luke: Euskera agerkariak argitaratzen dituen edukiei buruzko balioespena; agerkaria bera, etorkizunean zer euskarritan argitaratu behar den; prezioa egokia den; Euskaltzaindiko webgunean ematen zaion tratamendua egokia den; eta, oro har, irakurleak interesgarri deritzon beste edozein alorren gaineko iritzia.
Inkesta laburra da, bost minututan erantzuteko modukoa. Betetzeko sakatu hemen.