171. arauan bildu ditu Euskaltzaindiak Asiako leku-izen nagusiak.
Munduko leku-izen nagusien euskarazko grafia finkatzen dihardu Euskaltzaindiak. Lehenik, Europako leku-izen nagusiak arautu zituen aski xehe (154. araua, 157. araua eta 159. araua). Gero, Europatik gertu dauden lurralde batzuetakoak (Anatolia eta Hego Kaukaso, 162. arauan; Ekialde Hurbila eta Ipar Afrika, 164. arauan). Ondoren, munduko gainerako lurraldeei heldu zaie txanda. Afrikako leku-izenak lehenengo (167. araua eta 168. araua), Ozeania (169. araua) eta Amerika gero (170. araua), eta Asia orain (171. araua).
Asiako toponimiaren arau honetan 331 leku-izen bildu dira, kontinente horretako nagusiak baino ez. Bi motatako leku-izenak dira:
- Leku-izen garrantzitsua edo oso ezaguna, nahiz eta grafia-arazorik ez izan. Adibidez, Gobi(ko) basamortua, Hiroshima, Mandalay, Aral itsasoa...
- Gure inguruko erdara nagusietan (gaztelania, frantsesa, ingelesa) berdin idazten ez direnak edo hizkuntza bakoitzera itzultzen direnak eta, ondorioz, grafia-zalantza eragin dezaketenak. Adibidez, Samarkanda (es Samarcanda/Samarkanda, fr Samarcande, en Samarkand), Jammu eta Kaxmir (es Jammu y Cachemira, fr Jammu-et-Cachemire, en Jammu and Kashmir), Ekialdeko Ghat mendiak (es Ghats orientales, fr Ghâts orientaux, en Eastern Ghats), Malakako itsasartea (es estrecho de Malaca, fr détroit de Malacca, en Strait of Malacca), Barne Mongoliako Eskualde Autonomoa (es Región Autónoma de Mongolia Interior, fr Région autonome de Mongolie-Intérieure, en Inner Mongolia Autonomous Region)...
Izen-zerrendez gainera, eranskin zabal bat prestatu da, Asiako hizkuntza eta alfabeto ofizialen eta transkripzioen gaia konplexua baita. Eranskinean, Asiako estatu-hizkuntza nagusiei buruzko jakingarri batzuk ematen dira, eta Asiako estatu horietako leku-izenak euskaraz adierazteko orduan kontuan hartu behar diren irizpide nagusiak adierazten. Atal hauek ditu eranskinak:
|
|
|
Jose Luis Lizundia eta Alfontso Mujika
Exonomastika batzordea