Euskararen legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen saioa liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Liburu hau Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 11. zenbakia da eta egilea Mikel Zalbide da. Zalbide euskaltzain oso eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Euskara Zerbitzuaren burua da.
Liburu honen abiapuntua 2007an Euskaltzaindiak egin zituen Jagon Jardunaldietan dago. Euskararen Erabilera Normaltzeko Oinarri Legea 25 urte betetzen zituenez, legeak mende-laurdenean izandako bilakaeraz gogoeta-saioa egin zen aipatu jardunaldi horietan. Mikel Zalbide euskaltzain osoak parte hartu zuen jardunaldietan, eta hezkuntza alorreko bilakaeraz balioespen teknikoa egin zuen. Liburu hau da orduko emaitza. Perspektiba soziolinguistikotik idatzia dago, baina beste hainbat alor ere kontuan hartzen ditu: jurilinguistika, hezkuntza elebiduna, demolinguistika eta, ororen gainetik, euskara indarberritzeko saioan hezkuntza alorreko aplikazio-neurrien ekarpena.