Gaur, abenduaren 14an, Euskera agerkariaren 2011ko zenbakiak aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak. Aurkezpena Donostian egin da, Gipuzkoako Foru Aldundian. Aurkezpena Andres Urrutia euskaltzainburuak, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak eta Jean Haritschelhar Literatura Ikerketa batzordeko buruak egin dute.
Jakina denez, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da. Aldizkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero; horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa biltzen dituzte, eta bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jasotzen ditu. 2011ko zenbakiei dagokienez, hiru zenbakiak kaleratu dira, bi liburukitan bildurik: Euskera 2011, 56, 1-2 eta Euskera 2011, 56-3.
Euskera 2010, 56, 1-2 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak bildu dira: Jean-Baptiste Coyos euskaltzainaren sarrera-hitzaldia; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Tafallan egin zen ageriko bilkura; edota Jose Antonio Arana, Vahan Sarkisian, Xabier Gereño eta Fernando Mendizabal euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak. Jose Luis Lizundiak, Joan Mari Torrealdaik, Begoña Aranak, Xabier Kintanak eta Joseba Intxaustik egin zituzten hilberri txosten horiek.
Euskera 2010, 56, 3 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak (Arabatik Arabara euskaraz) eta Akademiak "Agosti Xaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian" izenburupean Baionan egin zuen jardunaldia. Horretaz gain, bestelako ikerketa lanak ere jaso dira zenbaki horretan: Koldo Mitxelenak bere diskurtsoan estrategikoki integratzen ditu enuntziatu parentetikoak, Agurtzane Azpeitiarena; Amorosen disputa, Jean Haritschelharrena; Antonio Arrue, el carlista que colaboró en el relanzamiento de Euskaltzaindia, Manuel Martorellena; eta Los nombres vascos de los meses en una obra de 1621: Fábrica universal y admirable de la composición del Mundo, Jose Zulaikarena.