Datorren ostiralean, abenduaren 14an, Euskera agerkariaren 2011ko zenbakiak aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak. Aurkezpena Donostian egingo da, Gipuzkoako Foru Aldundian, eguerdiko 12:00etan. Jakina denez, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da. Aldizkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero; horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa biltzen dituzte, eta bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jasotzen ditu. 2011ko zenbakiei dagokienez, hiru zenbakiak kaleratu dira, bi liburukitan bildurik: Euskera 2011, 56, 1-2 eta Euskera 2011, 56-3.
Euskera 2011, 56, 1-2 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak bildu dira: Jean-Baptiste Coyos euskaltzainaren sarrera-hitzaldia; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Tafallan egin zen ageriko bilkura; edota Jose Antonio Arana, Vahan Sarkisian, Xabier Gereño eta Fernando Mendizabal euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak.
Euskera 2011, 56, 3 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak (Arabatik Arabara euskaraz) eta Akademiak "Agosti Xaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian" izenburupean Baionan egin zuen jardunaldia.