Euskaltzaindia eta EAEko elizbarrutietako artxiboetako zuzendariak elkartu ziren Gasteizko Apeztegian, bertan baitago Elizbarrutiaren artxiboa, onomastika alorrean elkarrekin aritzeko. Irailaren amaieran egin zen bilera horretan hauek izan ziren: Bizkaiko Elizaren Historia Artxiboaren izenean Anabella Barroso, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoko Jose Angel Garro Muxika, Gasteizko Elizbarrutiaren Artxibo Historikoko Maria Dolores Lekuona eta Onomastika batzordearen idazkaria den Mikel Gorrotxategi.
Lehengo bilera honek balio izan zuen elkarren berri izateko, eta aurrerantzean, onomastika alorrean elkarrekin burutzen ahal diren lanak zehazteko. Akademiaren asmoa da 1998an karrikaraturiko izendegia osatzea, eta horretarako baliagarriak dira, oso, elizbarrutien datutegiak. Era berean, Akademiaren lana baliagarria izanen zaie artxiboetako arduradunei eguneroko beharretarako. Ildo horretan sakontzea eta hitzarmen bat sinatzea da guztion asmoa.