Urtero bezala, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan izan da Euskaltzaindia. Abenduaren 6tik 9ra bitartean egin den Azokan, saltokia jarri du Akademiak eta urte osoan kaleratutako liburuak izan ditu salgai. Besteren artean, argitaratu berri diren Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak eta Erlea aldizkariaren 6. zenbakiak oso harrera ona izan dute Azokan. Jende asko hurbildu da Euskaltzaindiaren argitalpenak ikustera, galdera eta iradokizun ugari ere egin dituztelarik.
Azokaren 47. edizioaren gonbidatu nagusia kultura ijitoa izan da. Bestalde, Oroitzak izenburupean, bi urtemuga gogoratu dira Azokan: Nafarroako konkistaren 500. urteurrena eta 36ko gerrako bonbardaketen 75. urteurrena. Bi mugarri horien inguruko hitzaldi, mahai-inguru eta ekitaldiak egin dituzte. Ziklo horren barruan, Patxi Zabaleta euskaltzain osoak eta Xabier Altzibar eta Jon Kortazar euskaltzain urgazleek hitzaldi bana eman dute. Bestalde, erromintxelari buruz egin zen mahai-inguru batean Jose Luis Lizundia euskaltzain osoak parte hartu zuen.