Abenduaren hamaikan IKAS euskal pedagogia zerbitzuak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena izenpetuko dute Baionan, goizeko 11:30ean, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maite Erdozaintzi Etxart IKASen presidenteak izenpetuko dute lankidetza hitzarmena, bi erakundeen izen eta ordezkaritzan.
IKAS euskal pedagogia zerbitzua 1901eko legepeko elkartea da, 1959an sortua. Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Hezkuntza Nazionalarekin egina duen hitzarmenaren arabera, honela ezagutzen da: batetik, IKASmaterialgintzako zerbitzu publikoa ematen duela; eta bestetik, lau sareen federazio egitura dela (sare publikoa, pribatua, ikastolena eta AEK).
IKAS euskal pedagogia zerbitzuak xedetzat dauka euskararen eta euskarazko irakaskuntza hedatzen laguntzea, bai eta euskal ondarea eta kulturaren ezagutza bultzatzea eskoletan, bide hauek erabiliz: batetik, mota guztietako dokumentalak maileguz eskainiz; bestetik, pedagogia saileko animazioak eta ikerkuntza landuz; azkenik, dokumentu berriak sortuz eta zabalduz. Zerbitzu horiek, oroz gainetik, eskola publikoetako eta pribatuetako irakasleei eskaintzen zaizkie, helduen irakaskuntzan ari direnei, kultur arduradunei, bai eta publiko zabalari ere.
Euskaltzaindiak eta IKAS erakundeek aspaldidanik elkarlanean ari dira, 2001. urtean lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuten eta. Orain, lankidetza hori areagotuko dute, besteak beste, euskararen normalizazioaz duten proiektuak partekatuz, Euskaltzaindiak euskararen alorrean ezarririko arauak zabalduz, Euskaltzaindiak IKAS euskal pedagogia zerbitzuak argitara ematen dituen materialen hizkuntza-gainbegirada eginez, eta abar. Era berean, lankidetza-hitzarmenaren eranskinean Euskaltzaindiak garatzen diharduen LEXIKOAREN BEHATOKIA izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, IKAS pedagogia zerbitzuaren euskarazko testu-multzoaz baliatzeko baldintzak ere finkatu dituzte.