Azaroaren hogeita hamarrean egin zen Bilbon, Deustuko Unibertsitateko Bibliotekako Ellacuria salan Eusebio Erkiagari buruz, Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetzan antolaturiko Jardunaldia. Ekitaldiak Bilboko Udalaren laguntza izan du.
Eusebio Erkiaga idazle, kazetari eta euskaltzainaren jaiotzaren mendeurrena dela eta, haren ekarria gogora ekartzeko asmoz egin zen Jardunaldia goizean zehar egin zen eta jende ugarik parte hartu zuen. Horien artean egon ziren Eusebio Erkiagaren senideak. Azken hauei, A. Urrutia euskaltzainburuak Joan Mari Torrealdai euskaltzainak eta Imanol Uria kazetariak paraturiko Euskaltzaindia, ekin eta jarrai, eta, Euskararen Akademiak duela gutxi argitaratutako, Euskaltzaindiaren Hiztegia argitalpenen ale bana eman zizkien, opari gisa.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Roberto San Salvador del Valle Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak eman zioten hasiera Jardunaldiari. Ondoren, Roberto Mielgo Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako irakasleak “Eusebioren mundua kontatzen” izenburua izan zuen hitzaldia eman zuen. Eusebio Erkiagarekin izan zituen solasaldi eta harremanak gogora ekartzean hunkiturik azaldu zen R. Mielgo. Horren segidan, Ana Toledo euskaltzainak “Araibar zalduna: 6. eta 9. aginduek eragindako nahaspilak” mintzaldia eskaini zuen. Mintzaldi honen ondoren, Eusebio Erkiagak idazle, itzultzaile, antzerkigile eta kazetari gisa egindako ekarpenaz aritu zen Andres Urrutia euskaltzainburua. Igone Etxebarria euskaltzain urgazleak eta Labayru ikastegiko kideak, ordea, “Eusebio Erkiaga olerkari” hitzaldia eman zuen. Miren Agur Meabe euskaltzain urgazleak eta, aldi berean, idazle ezaguna ere badenak, ordea, Erkiagaren zenbait olerki baliatu eta “Kresalaren goramina” izenburua zeraman errezitaldi ederra eskaini zuen. Ekitaldiari amaiera Jean Haritschelhar euskaltzainak eta, aldi berean, Literatura Ikerketa batzordeburuak eman zion.