Edurne Brouardek eta Mertxe Mujikak, Korrikako arduraduna eta AEKko koordinatzaile nagusia, hurrenez hurren, Euskaltzaindiari aurkeztu dizkiote datorren urtean, 2013ko martxoaren 14tik 24ra, Andoainen hasi eta Baionan amaituko den euskararen aldeko 18. Korrikaren xehetasunak.
Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak eta Erramun Osa idazkariordeak entzun dituzte Korrikako eta AEKko arduradunen azalpenak. Era berean, Euskaltzaindiak lankidetza ere eskaini die antolatzaileei euskararen alde Euskal Herri osoa zeharkatzen duen, eta haren aldeko atxikimendua indartu nahi duen, ekimen honek ahalik arrakastarik handiena izan dezan.