2012ko azaroaren hamabostean, arratsaldeko 19:30ean, Euskaltzaindiak Leioako Udalaren laguntzarekin argitaraturiko Leioako Leku Izenak liburuaren aurkezpena egin zen Leioako Kultura Etxean. Hizlariak izan ziren, hauek: Eneko Arruebarrena herriko alkatea, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkari eta liburu honen egileetako bat.
Alkateak ikerketa noiz eta nola hasi zen azaldu zuen. Xabier Kintana, aldiz, toponimiaz mintzatu zen, herrikoaz nola Euskal Herrikoaz, gaiak daukan garrantzia hurreratutakoei azpimarratuz. Ondoren, Mikel Gorrotxategik Leioako toponimiaren zenbait datu esanguratsu eta jakingarri eman eta azaldu zituen. Aurkezpenaren ostean, herritarren eta aurkezpenean parte hartutakoen artean solasaldia egin zen.