AZAROAREN 16AN, BAIONAN
Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmena izenpetuko da azaroaren 16an, Baionan, Université de Pau et des Pays de l'Adour (Salle des Thèses) Baionako campusean, goizeko 11:00etan. Lankidetza hitzarmena izenpetuko dute Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak, bi erakundeen izen eta ordezkaritzan.
Lankidetza hitzarmenak bi erakundeen arteko lankidetzaren nondik norakoak finkatzen ditu. Era berean, hitzarmenean jasotzen dira, besteak beste, 2012. urteko lan-jarduna burutzeko Euskaltzaindiak EEPtik jasoko duen laguntzaren zenbatekoa, horren kontura argitaratuko diren liburuak, EEPren proiektu deialdiko argitalpen proiektuen hizkuntza-kalitatearen azterketa, toponimoen grafia egokiari buruz EEPk jasoriko galderei erantzuteko era, toponimiaren eremuan Ipar Euskal Herriko euskara-teknikariak prestatzeko Euskararen Akademiak hartzen duen konpromisoa, IGN erakundean toponimoen normalizatze lanaren emaitzak gizarteratzeko bi aldeek harturiko erabakia, eta abar.