Azaroaren 16an, "Euskararen oraina eta geroa Ipar Euskal Herrian" goiburupean XVII. Jagon jardunaldia egingo da Baionan, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak antolaturik. Horiek horrela, Jardunaldiaren eten batean, Euskaltzaindia eta Ipar Euskal Herria izenburua daraman argitalpena aurkeztuko da Université de Pau et des Pays de l'Adour (Salle des Thèses) Baionako campusean, goizeko 11:50etan. Aurkezpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jean-Baptiste Battittu Coyos euskaltzainak parte hartuko dute.
Argitalpenak Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herrian izan duen bilakaera eta egin duen ekarpena laburbiltzen du. Era berean, hor Ipar Euskal Herriarekin loturiko argitalpenak eta Ipar Euskal Herriko euskaltzainen zerrenda ere jasotzen dira, besteak beste.