AZAROAN ZEHAR, EUSKALTZAINDIAREN EGOITZAN EGINGO DIREN EKITALDIAK ERE AURKEZTU DIRA
Duela bost urte Axularren Gero (1643) irakurri zen Bilbo Zaharra euskaltegiaren Forumak antolaturiko Klasikoen irakurraldi eten gabearen lehen ekinaldian; duela lau Mogelen Peru Abarca (1802); duela hiru Jon Miranderen Haur besoetakoa (1959); duela bi Ramon Saizarbitoria idazle eta euskaltzain urgazlearen Hamaika pauso (1995); iaz Arantxa Urretabizkaia idazle eta euskaltzain urgazlearen Zergatik panpox (1979); Ikasturte honetan, ordea, Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainaren Obabakoak (1988) liburua irakurriko da Klasikoen 6. irakurraldi eten gabean, obra hau argitaratu zela 25 urte betetzen direnean.
Ekitaldia Bilbon egingo da, Arriaga antzokian, 2013ko ekainaren hamahiruan, egun osoan zehar.
Bernardo Atxagaren berbetan Obabakoak liburua oso loturik dago Bizkaiko hiriburuarekin. Izan ere, berak dioenez: “Bilbon bizi nintzen, hemengo apopilo-etxe batean. Etxe horretako ugazaba-andrea Zeanurikoa zen (...) halako batean magnetofoi bat erosi nuen eta, probatzearren edo, esan nion andre horri, alegia, zerbait kanta zezala (...) halako kanta arrunten bat edo ezagunen bat kantatuko zidala espero nuen; eta horra hor non andre hori hasi zen Obabatxue, Obabatxue sehaska-kanta kantatzen.” Liburua berriz Euskal Herritik urrun, Eskoziaren ekialdeko kostan dagoen St. Andrews izeneko lekuan amaitu zuen Jose Irazu Bernardo Atxaga goitizenez ezagunagoa denak, alokairuan hartua zeukan etxearen leihotik inguruko parajeei begira. Liburuaren lehenbiziko edizioaren azalak garai bateko Arriaga antzokiaren marrazkia darama, Arriagako kafetxean biltzen baitzen Atxaga, Pott Banda izenarekin ezagun egingo zen taldekideekin (Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Josemari Iturralde Jimu, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia). Obabakoak erantzun bat ere izan zen. Erantzun bat azalean daraman Arriaga kafetxeko galderei emandakoa, Atxagaren arabera.
Inguruabar horretan, Bilbo Zaharra Forumak 2012ko azaroan zenbait ekitaldi antolatu ditu. Hona hemen:
OBABAKOAK: “PAISAIAREN ADIERA”
- 2012ko azaroaren 20an, arratsaldeko 19:00etan:
- Maialen Lujanbio – Harkaitz Cano
- 2012ko azaroaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan:
- Anari – Iñigo Aranbarri
- 2012ko azaroaren 22an, arratsaldeko 19:00etan:
- Leku hutsak, hitz beteak. (Zine foruma)
- J.A. Arbelaitz – Juanfe Garcés
Ekitaldi guztiak Bilbon egingo dira, Euskaltzaindiaren egoitzan. Izan ere, Euskaltzaindia da ekitaldien eta irakurraldi eten gabearen babesleetako bat, Bilbo Zaharra euskaltegiak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena izenpetu baitzuten 2011ko irailaren hogeita bian.