Manuel Lekuona euskaltzaina, antropologoa eta hizkuntzalaria hil zela 25 urte bete dira aurten, uztailaren 30ean. Hori dela eta, Oiartzungo Udalak, berak merezitako omenaldia eskaini zion azaroaren zazpian Oiartzungo Udaletxean.
Arratsaldean, Euskaltzaindiko Zuzendaritza bildu zen, ondoren, ekitaldia egiteko. Ekitaldian zehar, Aiora Perez de San Roman Oiartzungo Alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko presidenteak, Jose Ramon Zubimendi Euskaltzaindiko Herri literatura batzordeko idazkariak eta Manuel Lekuonaren senide batek hitz egin zuten. Era berean, Sebastian Lizaso bertsolariak bertso bat kantatu zuen Manuel Lekuonaren omenez. Ekitaldiaren amaieran, Alkateak eta euskaltzainburuak 1988. urtean Oiartzungo Udalak Manuel Lekuona herriko seme kuttun izendatzen zuen agiriaren kopia bana eman zieten hara hurreratutako senideei.
Bizitza osoa euskal kulturaren alde
Manuel Lekuona Etxabeguren, Etxetxiki baserrian jaio zen 1894an. Manuelen bi anaia –Martin eta Julian– fusilatu zituzten frankistek 1936. urtean. Manuel, aldiz, Calahorrara (Errioxa) urrundu zuten. Euskal Herrira itzuli zenean Andoainen lekutu zen, Rikardo Arregi zenaren etxean. 1976an itzuli zen Oiartzunera, Martin ilobaren etxera.
Arlo asko landu eta aztertu zituen bizi zen artean: euskara –ahozko literatura batez ere–; bertsolaritza; antzerkia –Eun dukat idatzi zuen–; etnografia; artea eta pintura; hitzaldiak eman eta artikulu ugari idatzi zituen hedabideetan, eta abar. Bizi osoan zehar egindako lana Opera omnia lanean jaso zuen, 18 liburukitan.
Manuel Lekuona euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak 1950. urtean. Era berean, bera euskaltzainburu jauna aukeratua izan zen (1967tik 1970era), Jose Maria de Lojendioren ostean. Iruñean egin zuen sarrera-hitzaldia, Gorotzika'tik Gurutzeaga'ra izenburua izan zuen txostena irakurriz. Era berean, Axularren Gero liburuaren laugarren edizioa paratu zuen, Euskaltzaindiaren aginduz.
- Euskaltzainburuaren hitzaldia irakurtzeko, sakatu hemen (PDF, 24,59 KB)
- Jose Ramon Zubimendi Herri Literatura batzordeko idazkariaren hitzak irakurtzeko, sakatu hemen (PDF, 102,58 KB)