Larunbat honetan, irailak 29, hil zen Josu Arenaza Lekerikabeaskoa medikua eta euskaltzain urgazlea. Haren aldeko hileta gaur egingo da, arratsaldeko 19:00ean, Begoñako Basilikan.
Josu Arenaza 1957an izan zen urgazle izendatua, gerora oso ezagunak izan ziren beste hainbat euskaltzalerekin batera: Gabriel Aresti, Alfonso Irigoien, Justo Mari Mokoroa, Santi Onaindia, Txillardegi, Antonio Zabala... Garai horretan Euskaltzaindia Gerra Zibilak utzitako errautsetatik poliki-poliki berpizten ari zen: aurreko urtean bere lehen biltzarra ospatu zuen Arantzazun eta Euskera argitaratzeko baimena berriz ere eskuratua zuen. Ildo beretik, euskaltzain urgazle berri andana izendatu zituen, beraien artean giro euskaltzaleetan oso ezaguna zen mediku bilbotar bat, oraintxe gure ondotik joan den laguna. Hortaz gain, urte berean Orixe izendatu zen euskaltzain oso eta, aldi berean, Koldo Mitxelena izan zen haren sarrera hitzaldiari erantzuna eman ziona.
Ordutik aurrera Josu Arenazak beti jardun zuen euskararen alde, sutsu. Ezagunak dira hainbat aldizkaritan idatzi zituen artikuluak: Anaitasuna, Zeruko Argia, Agur... Jakina denez, 1970etik aurrera euskara batuaren kontra paratu zen argi eta nabarmen, alegia, Orixeren ildoko batasun baten alde zegoen bera, ez Mitxelenak gidatzen zuenaren alde.
Denboraren perspektibak, hala ere, beste irudi hau hobestea ahalbidetzen digu, alegia, Luis Villasantek 1957an Orixek Leitzan egindako sarrera hitzaldiaren kronika gisa idatzitako hau:
“Gero, arratsaldean, euskal erromeria egin zan Leitzako plazan: dantzariak, aizkolariak, aari-talka edo topekea, arta koskol posturea, Olentzaro begigorriren agertutea. Illuntzean, barriz bakotxa bere txokora, aaztu eziñezko gomutea ta poza biotzean. Zenbat jaun eta andra etzirean an batu, euskerea maite ta euskerearen alde lan egin gura dabenak! Danak asmo ta gogo bardin orregaz. An eguan Azpiroz jauna, Valkarlos-ko abadea, bere erritarrentzat orri gozo samur bat egiten dabena euskeraz, an Etxaide jauna euskerazko ainbeste liburu atara dituzana, Txillardegi, Zugasti, Oleaga, Erkiaga, Arrutza, Lekuona, Artetxe, Arenaza, Irigoien, Irigarai, Aresti, Peña, Lafitte, Dassance, Laveguerie, Eperre, Barriola, Bordari, Zeleta, Altzeta, Lojendio, Etxaniz, Labaien, Mokoroa, Diaz de Unzurrun, Agerre, Loidi, Zarauz'ko Patxi Unzurrunzaga eta beste asko. Ezin danak aitatu, gurata bere. Eta an batu zirean guztiak amodio bategaz etozen: danak euskerearen amodioak eraginda. Bai, euskerea dala euskaldunon ondasuna, eta ondasun ori eztogula galduten itxi bear: au zan an batutako guztien eretxi, asmo ta ardurea.”
Luis Villasante, Anaitasuna, V, 44 (1958-01) 1