Datorren ostiralean, irailaren 28an, Iruñean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren IV. liburukia aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Aurreko hirurak bezala, Euskadiko Kutxaren babesarekin argitaratu du Akademiak. Liburu horretan kontzeptu ugari bildu eta landu dira, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.
Aurkezpena honako hauek egingo dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Xabier Egibar Euskadiko Kutxako Negozio Garapenaren Areako zuzendariak; Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak; eta Adolfo Arejita EHHA-ren zuzendari akademikoak.
Hizkuntzaren ahozko aldaera desberdinak mapetan agerian emateko egiten dira hizkuntza atlasak. Hortaz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu, bai eta kultur ondarea berreskuratzea eta zabaltzea ere. Euskaltzaindiak 1983an onartu zuen egitasmo hau.
Galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu ondoren, 1987an hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten. 145 herri hautatu ziren galdeketarako: 36 bana Bizkaian eta Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 18 Nafarroa Beherean, 15 Lapurdin, 12 Zuberoan eta 1 Araban. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira.
Comments