Gaur, irailaren 20an, euskaltegiek "Zatoz euskaltegira!" lemapean agerraldia egin dute Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, euskal herritarrei euskara ikasteko deia luzatzeko xedearekin. Ekitaldian euskaltegietako ordezkariak izan dira, eta eurekin batera erakundeetako, alderdi politikoetako eta sindikatuetako kideak; kirolariak; kultur arloko ordezkariak eta, oro har, hainbat gizarte eragile. Besteren artean, Mertxe Mugika, Juan Karlos Murillo, Patxi Agirregomezkorta, Lourdes Auzmendi, Miren Dobaran, Zigor Etxeburua, Laura Garrido, Marije Fullaondo, Vicente Reyes, Lorea Bilbao, Juanmari Larrarte, Iñaki Uribe, Koldo Tellitu, Paul Bilbao eta Amets Arzalluz izan dira.
Guztion izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu du hitza, eta euskara ikasteko arrazoi ugari daudela esan du. Hori bai, "behin ikasteko bidaia eginez gero, bidaia hori aberasgarri eta suspergarri izan dugula. Gure izatea hobeto ezagutzen dugu, gure inguruaren izenak eta izanak egokiago barneratzen ditugu eta horretaz kanpo ere, gauza gara egunero gure sentimenduak euskaraz kanporatzeko, gure lana euskaraz egiteko, gure laguntaldean euskaraz aritzeko… hitz batez esateko, geureago eta aldi berean zabalago eta irekiagoak izateko. Ikasi eta erabili, erabiliz ikasi, erabiltzeko ikasi... Horretan ditugu bidegile eta bidaide euskaltegiak".