Joan den abuztuaren 31n Klaus Niebel zendu da. Berlinen 1937an jaioa, 1960an Gernikara etorri zen gaztelaniaren mintzapraktika egiteko asmoz . Berak aitortzen zuenez ez zekien orduan gauza handirik Euskal Herriari buruz, baina bizi guztirako lagun izango zuen Jose Antonio Arana Martixa herri giroan ezagutu eta honen bidez hasi zen euskal kulturara hurbiltzen.
1975etik aurrera urtez-urteko udaldiak Gernikan familiarekin igaro zituen, aukera aprobetxatuz bereziki hainbat kultura eragileekin harremanak izateko. Hurbiletik jarraitzen zuen euskal gizartearen giroa, behin eta berriz aukerak aprobetxatuz alemaniar prentsan Euskal Herriari buruzko iritziak emanez. Halaber, poztasun handiz ikusi zuen 1997ko apirilaren 26an Roman Herzog Alemaniako lehendakariak Gernikako herriari barkamen mezua luzatzea Gerra Zibilean Condor Legioak herri horretan egindako sarraskiagatik.
Historia interesatzen zitzaion bereziki eta, esan bezala, Jose Antonio Arana izan zuen kultura bidelagun, informazioa trukatuz eta ikerketa bideak zabalduz. Horrela, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko Buletinean 1969an argitartutako “Bachem, G.A.: Kelto Romanisch im Gau Köln-Aachen” izan zen euskal bibliografiarako lehen ekarpena; ildo berean 1979an Tübingen Unibertsitateko katedraduna zen Antonio Tovar hizkuntzalaria omendu zuen Euskaltzaindiko Euskera agerkarian argitaratutako “Homenaje a don Antonio Tovar” lanarekin. J. A. Arana Azkue Bibliotekako zuzendaria izendatu ondoren, kolaboratzaile paregabea izan zuen aleman eremuko euskalarien berriak eta dokumentuak jasotzeko: Arnold von Harff, XVI. mendeko bidaiari alemanaren euskarazko testuak, Ühlenbeck, Schuchardt eta beste hainbaten dokumentuen berri emanez. 1984an Martin Ugaldek Euskaltzaindiaren enkarguz idatzitako eta edizio eleaniztunean argitaratutako “Euskaltzaindiaren historia laburra” itzuli zuen “Zur geschichte des Euskaltzaindia, der Akademie des Baskischen Sprache” izenburupean.
Durangoko 35. Euskal Liburu eta Disko Azokaren barnean, 2000.eko abenduaren 6an, Gerediaga Elkarteak Argizaiola Saria eman zion euskara eta euskal kulturaren enbaxadorea izateagatik.
Bere hitzetan ‘alemaneuskalduna’ zen gizona joan zaigu, baina bere izena euskalarien zerrendan geldituko da. Wilhelm von Humboldtek zabaldutako bidearen jarraitzaile eta ‘euskaldunen lagun’, adiskide amultsu, zintzo eta eskuzabala galdu dugu. Bickenbacheko bere etxean gelditzen dira euskal biblioteka eta artxibo ederra, baita ere argazki bilduma zoragarria.
Josune Olabarria