Hala, bada, Argibide bibliografikoak liburuak ematen duenaz gain, atari honek argibide osagarriak eskainiko ditu, Euskararen Historia Soziala ezagutzeko, herritar ororentzat interesgarri eta ikertzaileentzat lagungarri izan daitezkeenak. Ataleko edukiak euskararen historia soziolinguistikoaz ari dira, hizkuntzaren iragan gizarteko egoera aldakorren berri emanez, euskal hiztunen eta euskarazko kulturaren bizitza gogoan hartuta eta inguruko hizkuntzekiko harremanak ere begiratzen direla.
Joseba Intxaustik azaldu duenez, “alde ezberdinetatik begiratu diogu Historia horri, hala nola, euskal hiztunen komunitateari eta berorren geografiari, euskarari buruz ezagutu diren ideia eta jarrerei, hizkuntzen arteko harremanei, euskararen erabilera baldintzatu duten eragile sozio-ekonomikoei, aipatuta nahiz aipatu gabe legez emandako euskararekiko arauei, ukipen-hizkuntzen arteko oreka nahiz desorekei eutsi edo beroriek aldatu nahi izan dituzten agintarien erabakiei, Eliza kristauen hizkuntz politikei, etab”.
Adierazi duenaren arabera, hori dena “denboran zehar ikusi nahi izan dugu, Antzinatetik hasi eta gure egunak arte, bizi izan diren inguruabar historiko ezberdinetan, Inperio Erromatarraren barruan eta Elizan latina entzun eta/edo erabiliz, Erdi Aroko hizkuntza erromantzeak ondoan zirela (gaskoiera, gaztelania edo erromantze nafarra lehenengo, eta frantsesa gero), Euskal Herriko garapen instituzionala bere heldutasunera iristen ari zela eta gero, aurreko gizarte tradizionaletik Aro Berrira eta Garaikidera pasatu den garaietan, euskal gizartearen goraldi eta krisi-aldietan, etab.
Ataleko edukiak elkarren osagarri diren bi azpiatal nagusitan banatuta daude, eta bi bisitari-mota ezberdinentzat pentsatuak dira:
- Lehenengoa hizkuntzen gizarte-historialarientzat (eta berezikiago euskarari buruz ari direnentzat) egin eta eratu da. Jakitun espezialistentzat, eta inguruko beste ikertzaileentzat, landu dena, alegia. Taldea saiatu da idazlan-altxor hori non dagoen erakusten ere, zein bibliotekatan dagoen jakinarazten, Euskal Herrian nahiz erbestean (Madril, Paris). Intxaustiren esanetan, “bere mugak ditu, noski, informazio bibliografiko horrek, baina hasierako laguntza praktikoa izan daiteke ikertzaileentzat, eta zer esanik ez eremu honetan hasi berri diren gazteentzat. Atal honetarako sarbidea ondoko azpi-atal hauetatik aurkituko du bisitariak: “Egileak”, “Izenburuak” y “Gako-hitzak”.
- Bigarren atala herritar orori zuzenduta dago, eta Euskararen Historia Sozialaz diharduten argitalpenetarako hasiera-sarbide eroso bat eskaini nahi du, nornahirentzat dela ere. Oraingoz bi atal xumetan banatu da hau: “Jakinbideak” eta “Zenbait gai nagusi”. “Hedapen-ahalegin hau edukiz zabaltzen saiatuko gara, herritarrek beren informazioa osatuz joan daitezen. Atal honetan, EHSean nahiz hurbileko diziplinetan adituak ez direnak ditugu gogoan (eta, adibidez, ez ditugu ahaztu nahi irakasle eta kazetariak)”.
Fitxa bibliografikoak hiru informazio mota ditu
Gaurko aurkezpenean adierazi dutenez, “esku artean zer daukagun laburki esateko, komeni da idazlanen zerrendako fitxa bibliografiko bakoitzak bere baitan zer duen jakitea, bere laburrean aski esanguratsua baita hori. Fitxak hiru informazio-mota ditu: idazlanaren erreferentzia osoa (idazlea, izenburua, etab.), berori zein liburutegitan dagoen esaten diguna, eta idazlana digitalizatu eta sarean jarrita baldin badago, bertara iristeko esteka.
Horrelako fitxen ondorioz zera eskura dezake bisitariak: 1) Argitalpena bere datu guztiekin zehaztuta izatea. 2) Argitalpena non eskura nahiz mailega dezakeen jakitea. 3) Norberaren etxetik bertatik Euskararen Historia Sozialerako baliozkoak diren argitalpenen biblioteka digital bat esku-eskura izatea (oraingoz, sarean gauzak dauden tamainan, noski: artikuluak gehiago liburuak baino).
Bestalde, azpimarratzekoa da atariaren elkarreragiletasunaren maila: bisitariari eskaintzen zaizkion sarrera ezberdinek hainbat bilaketa-bide elkarren osagarri iradokitzen dituzte, eta zer esanik ez hor barnean aurki daitezkeen esteka ugariek, dena elkarrekin gurutzatuz (liburuak, idazleak, gaiak, etab.). “Nabarmendu behar ditugu, gainera, liburutegiekin izandako harremanak: hemen, bakoitzaren atarirako aukera ematen dugu, eta guk gurerako bakoitzetik egin dugun argitalpenen hautapen-zerrenda”.
Lanaren balioa azpimarratu du Joseba Intxaustik: “iaz ikerkuntza eta kontsultetarako eskaini genituen baliabideak orain sarean erabilerraztasun eroso eta emankorragoz hornitu dira, eta erabiltzaileak bere galdera zehatzetan ahalbide berriak izango ditu. Ordutik hona, bestelako eskaintza baten aurrean gaude, dakartzan erraztasun teknikoengatik eta nornahirentzako lanabes izan daitekeelako. Euskarak denboran zehar bizi izan dituen jarraiko egoera sozial historiko eta gaurkoez jabetuta egoteak bere balio estrategikoa du eta Euskaltzaindiak aintzakotzat hartu nahi du hori, horrela Irakaskuntzaren bidez lortzen ari garen hizkuntzaren ezagutza hobeak haren erabilera-ohiturak maila jasoagoetara eraman ditzan”.