Euskaltzaindiak atal berri bat zabalduko du bere webgunean, interneten kontsultatzeko. “Euskararen Historia Soziala: Argibide bibliografikoak” izena du eta datorren ostiralean, uztailaren 20an, aurkeztuko da Arabako Foru Aldundian, eguerdiko 12:00etan.
Atala Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak deritzan liburuaren inguruan eratu da, betiere Euskararen Historia Soziala jakite-eremurako baliabide inprimatuen ezagutza hedatzeko asmoarekin. 2011n argitaratu zen liburu horren helburu nagusia Euskararen Historia Sozialari argibide bibliografikoak eskaintzea zen, eta atal berriaren xede nagusia ere horixe da, Euskararen Historia Sozialari buruzko tresna bibliografikoak guztion eskura jartzea, alegia. Hala, bada, Argibide bibliografikoak liburuak ematen duenaz gain, atalak argibide osagarriak eskainiko ditu, Euskararen Historia Soziala ezagutzeko. Adibidez:
- Autore baten lehen aurkezpena
- Ikasi eta ikertuz joateko, gai hautagarriagoak
- Erakunde, talde nahiz jakitunekiko lehen albisteak
- Eskura daitezkeen laguntza akademikoak
Esan bezala, atal berria Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak liburutik abiatuta garatu da. Joseba Intxausti ohorezko euskaltzainak eta Izaskun Etxebeste eta Koro Segurola Euskaltzaindiko teknikariek paratu zuten edizio inprimatua, eta orain internetekoa prestatu dute.