Gaur, uztailaren 6an, Soziolinguistika Klusterrak Euskararen Kale Erabileraren VI. neurketaren emaitzak aurkeztu ditu Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan, alegia. Ikerketa 2011n egin zen; orotara, Euskal Herri osoko 97 udalerri neurtu dira, eta 154.277 elkarrizketaren nahiz 363.616 hiztunen informazioa bildu da. Olatz Altuna, Xabier Isasi, Iñaki Iurrebaso, Iñaki Martinez de Luna eta Rosa Ramos ikerketaren batzorde teknikoaren kideek azaldu dituzte emaitzak.
Hauek dira VI. neurketaren emaitza nagusiak:
- 2011ko udazkenean burututako kale-neurketan erabilera % 13,3koa izan da.
- Euskal Herriko Kale-Neurketa egiten hasi zenetik, hogeita bi urteko epean -neurketaren lehenengo edizioa 1989an egin zen- 2,5 puntu egin du gora euskararen erabilerak Euskal Herriko batez bestekoan.
- Azken hamar urteko epea hartuz gero, erabilera trabatu egin dela esan behar da. Geldiune batean dago.
- 2006an % 13,7ko euskararen erabilera jaso zen. Ñabardura bi:
- Batetik, egungo baldintza soziolinguistikoekin euskararen erabilerak goia jo du.
- Euskaldunen zenbatekoa kontuan hartuta, erabilera datuak estatistikoki espero zitezkeenak baino hobeak dira.
Lurraldeak, hiriburuak, sexua eta adin-taldeen araberako datuak ere eskaintzen ditu neurketak. Horiek guztiak Soziolinguistika Klusterraren webgunean ikus daitezke.