Euskaltzaindiak XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoaren datutegia eguneratu eta sarean jarri du. Hemen dago kontsultagai, edozeinen eskura. Bertan dauden Corpuseko sarrerak Akademiaren azken arauen argitan osatuak dira.
XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa UZEIk osatua da, Euskaltzaindiaren eskariz. Bere oinarria XX. mendeko euskal argitalpenen inbentario osoa da. Proiektua 1987an jarri zen martxan eta lehen fase batean 1900-1987 urteetako corpusa osatu zen, baina corpus irekia zen eta, beraz, urtero eguneratzen zen, nahiz mendea bukatzean corpus itxi izatera pasatu zen, mende oso baten erakusgarri. Euskara idatzia jaso da hor, baina baita ahozkoa, idatzi den neurrian. Bertan bildu diren hitz guztiak erabat lematizatuak eta eskuz berrikusiak dira. Lema horiek Euskaltzaindiaren arau berriekin eguneratzen dira etengabe.