Joan den ostiralean, ekainaren 22an, Arabako Foru Aldundiak antolatzen duen Gerardo Lopez de Guereñu lehiaketaren bigarren edizioaren sari-emate ekitaldia egin zen Gasteizen, Arte Ederren Museoan. Araban dagoen euskal toponimia ezagutzea, batetik, eta herrialde horretan euskarak duen presentziaren berri ematea, bestetik, dira lehiaketa horren helburu nagusiak.
Hala, bada, lehiaketarekin batera hitzaldi sorta antolatu da Araban zehar. Orotara, 21 hitzaldi egin dira, eta hauek aritu dira hizlari: Elena Martinez de Madina eta Felix Mugurutza Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta euskaltzain urgazlea, eta Andoni Llosa Trebiñuko euskara teknikaria. Hitzaldi horietan, gainera, Euskaltzaindiak argitara eman dituen Gasteizko Toponimia sortaren hiru liburuak (Gasteizko Hiria, Malizaeza eta Ubarrundia) erakutsi eta zabaldu dira. Ostiraleko ekitaldian, sarituek Iciar Lamarain Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuaren eskutik jaso zituzten sariak. Bestalde, Elena Martinez de Madinak hitzaldi bat eman zuen. Manu Ruiz Urrestarazu Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria ere hor izan zen, baita Gerardo Lopez de Guereñuren alaba, Pilar, eta bere familia ere.
Lopez de Guereñuk Arabako etnografia, folklorea eta toponimia sakonki ikertu zituen. Ohorezko euskaltzaina zen. Hil zenean, Henrike Knörr zenak "In memoriam Gerardo Lopez de Guereñu Galarraga (1904-1992)" nekrologikoa idatzi zuen. Euskera agerkarian argitaratu zen, eta hemen irakur daiteke.
Bestetik, hona hemen Elena Martinez de Madinak ekainaren 22ko ekitaldian esan zituen hitzak.