.eus domeinuaren eskaria onartua izan da. Ekainaren 13an, hurrengo fasera igaro diren domeinuen zerrenda jakinarazi zuen ICANN erakundeak, eta zerrenda horretan .eus domeinua dago. PuntuEus elkarteak adierazi bezala, "ebaluazio faseak orain hasi beharko luke. Baina espero zen eskari kopurua hirukoiztu egin da gutxienez eta, hortaz, ez dira eskari guztiak batera ebaluatuko. Faseak definituko dira eta fase bakoitzerako datak. Uztailaren 11n jakingo dugu .eus domeinua zein fasetan eta noiz ebaluatuko den".
PuntuEus elkartearen iritziz, zerrendak bi albiste on ekarri ditu: "Bata, domeinua eskatu eta eskaria ebaluatzeko bete behar genituen baldintzak bete ditugula. Alegia, hurrengo fasera pasatzen garela. Eskaria ebaluatua izango dela, nahiz eta jakin horrek ez duela bere onarpena ziurtatzen; eta bestea, ez dagoela karaktere katearen gatazkarik. Hau da, gu geu, PuntuEus Fundazioa dela, .eus karaktere katea eskatu duen bakarra. Eta, hortaz, ez dago karaktere katearen gaineko gatazkarik. Egongo balitz, bi entitateren arteko norbaitek eramango luke, eta enkanteak ere egon zitezkeen tartean".