Bilbo Zaharra Forumak antolatutako Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox liburuaren irakurraldi jarraitua egiten ari da gaur, ekainaren 14an, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. Hau da Klasikoen Irakurraldia deituriko egitasmoa egiten den bosgarren urtea. Hala, 2008an Axularren Gero irakurri zen, 2009an Mogelen Peru Abarca, 2010ean Jon Miranderen Haur besoetakoa eta iaz Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso.
Euskaltzaindiaren aldetik, kide batzuk parte hartzen ari dira. Goizeko 8:00etan, liburuaren lehenengo hitzak Arantxa Urretabizkaiak berak irakurri ditu, eta ondoren 400 lagun inguruk pasarte bana irakurriko dute, txandaka, horien artean Andres Urrutia, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Pello Salaburu euskaltzainak. Egunean zehar, hainbat euskaltzain urgazle ere izango dira irakurketan.