Ekainaren 7an, Euskaltzaindiaren aretoan, Gema Lasartek eman zuen Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox nobelari buruzko jardunaldien bigarren hitzaldia. Jardunaldiok Bilbo Zaharra Forumak antolatu ditu. Hitzaldi horretan, besteak beste, amatasunaz eta emakumetasunaz mintzatu zen Lasarte. Hain zuzen ere, gai hori jorratu zuen Amatasunaren gaineko diskurtsoak euskal eleberrigintza garaikidean izeneko artikuluan, Euskera 2010, 2 agerkarian publikatu zena. Irakurtzeko sakatu hemen.
Jardunaldi horien lehenengo hitzaldia maiatzaren 31n izan zen, eta Ana Urkizak eman zuen. Eta hurrengo saioa bihar, ekainaren 13an, izango da, iluntzeko 19:00etan. Josune Muñozek hitz egingo du Urretabizkaiaren lanari buruz. Datorren ostegunean, ekainaren 14an, jardunaldiei amaiera emateko, Klasikoen 5. irakurraldi jarraitua egingo da Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara.
Jardunaldi hauek iraun bitartean, Euskaltzaindiaren aretoan "Emakumea eta literatura" izeneko erakusketa dago ikusgai. Hitzaldietara doazenek ikus dezakete.