Joxe Azurmendi Otaegi idazle, filosofo eta ohorezko euskaltzainari eman diote 2012ko Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria, gaur, ekainaren 6an, jakinarazi dutenez. Sari horren helburua "kulturaren mesedean jardunean ari diren ikertzaile, zientifiko eta Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzietan aditu onenei bikaintasuna aitortzea da". Azurmendiren hautagaitza Euskaltzaindiak aurkeztu zuen: Zuzendaritzak proposatu zuen, eta Osoko batzarrak berretsi, aho batez, martxoan egin zuen bileran. Horretarako, "XX. mendearen bigarren zatian eta XXI. mendearen hasieran Joxe Azurmendi jaunak egindako lan erraldoia, parekorik ez duena, bereziki pentsamenduaren alorrean" kontuan hartu zuen Akademiak.
Azurmendik landu dituen gai nagusiak Pentsamenduaren Historiarekin lotutakoak dira (Filosofia, Literatura, Politika, Soziologia), arreta berezia eman dielarik euskal intelektualei (Orixe, Mirande, Arizmendarrieta, Salaberri, Gandiaga), baina bazter utzi gabe europar pentsamenduaren figura nagusiak, Marx, Kolakowski, Schopenhauer, Nietzsche edo Humboldt, kasu. Duela egun batzuk aurkeztu zuen bere azken liburua: Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa.
Joxe Azurmendi Zegaman jaio zen, 1941ean. Arantzazun ikasi eta frantziskotarren ordenean sartu zen. 1965ean Europan zehar ibili zen: Frantzia, Alemania, Finlandia, Budapest eta Italia ezagutu zituen. Erroman Teologia ikasi zuen, eta Münsterren (Alemania) Filosofia ikasketak egin zituen. 1978an Euskal Herrira itzuli zen. Bestalde, Magisteritzan (1972) eta Euskal Filologian (1982) ere lizentziaduna da.
Deustuko Unibertsitatean izan zen irakasle. Gero, 1980ko hamarkadaren hasieran fraide izateari utzi, eta Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen irakasle. EHUko Filosofia Fakultateko Filosofia Modernoan katedra lortu zuen. 1984an tesi doktorala irakurri zuen, Arrasateko kooperatiben mugimendua sortu zuen Jose María Arizmendiarrietari buruz. 2011tik aurrera katedradun emeritua da.
Jakin taldearen eta Jakin aldizkariaren kide eta bultzatzaile nagusietarikoa, bere zuzendaria ere izan zelarik 1961-1963 bitartean.
Zorrotza, berritzailea
1969an Hitz berdeak poema liburua argitaratu zuen. Horrez gainera Arbola beltzaren poema eta Manifestu atzeratua poemekin euskal poesiaren berrikuntzarako urrats handiak eman zituen. Manifestu atzeratua lana Hitz berdeak liburuaren parte bat zen, baina zentsurak debekatu zuen eta kendu behar izan zuen liburutik. Gero, Olerti aldizkarian plazaratu zen.
Saiakerek eman diote, ordea, osperik handiena: Hizkuntza, etnia eta marxismoa, Kultura proletarioaz, Errealismo sozialistaz, Zer dugu Orixeren kontra?, Zer dugu Orixeren alde? Mirande eta kristautasuna, Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan. El hombre cooperativo, Gizona abere hutsa da, Gizaberearen bakeak eta gerrak, Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua, Volksgeist-Herri Gogoa edota Espainiaren arimaz dira bere lan garrantzizkoenak. Euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileenetarikoa da.
2009an Azken egunak Gandiagarekin: adiskidearen heriotzaren aurrean bakarrizketak liburua argitaratu zuen.
Euskaltzaindiak 2010ean izendatu zuen ohorezko euskaltzain. Udako Euskal Unibertsitatea egitasmoaren bultzatzaileetarikoa ere izan zen. Filosofia eta Pentsamenduko testu klasikoak eta berriak euskaraz argitaratzen nabarmendu da: Pentsamenduaren Klasikoak bildumako hamairu eta Jakin irakurgaiak bildumakoak (43 zenbaki orain arte).