Gaur, uztailaren 4an, Leioako leku-izenak liburua aurkeztu da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Liburuan, azken hiru urteetan egin den Leioako toponimia ikerketa-lanaren emaitzak batu eta herritarren esku ipini dituzte Leioako Udalak eta Akademiak. Lanaren egileak Mikel Gorrotxategi, Iratxe Lasa eta Goizalde Ugarte dira. Horietako batek, Goizalde Ugartek, ikerketaren nondik-norakoa azaldu du gaurko aurkezpenean. Berarekin batera hauek izan dira: Eneko Arruebarrena Leioako alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko burua.
Leioako leku-izenak lanean herriko 800 bat lekuren izenak jaso dira, gaur egun bizirik direnak ez ezik, desagertutakoak ere bildu direlarik. Ikertzaileek adierazi bezala, ikerketak iraun duen bitartean, informazio eta dokumentazio ugari bildu dute. Hala, artxibo zaharrak arakatzeaz gain, ahozko informazio iturriak erabili dira. Ikerketa honetan leioaztar batzuek modu aktiboan hartu dute parte, eta euren memorian gorderik zuten informazioa emanda, euren laguntza eta ekarpena funtsezkoak izan dira lan hau burutu ahal izateko. Modu berean, Goizalde Ugartek esan duenaren arabera, liburua “herritarrei zuzendutako lana da. Ez da aski artxibategian aritzea eta izenak biltzea, gure kulturaren zati hau desagertzea nahi ez badugu. Toponimoen “jabe” diren herritarren esku jarri behar dira ezagutu dezaten, ezagutzak ziurtatzen baitu izenak ez desagertzea”.
Eskerrak adierazteaz gain -Akademiari, Udalari, egileei, informazioa eman duten hiritar orori- euren poza adierazi, eta egindako lanaren garrantzia azpimarratu dute bi erakundeotako ordezkariek. Hala, euskaltzainburuak goraipatu du toponimia normalizatzeko Euskaltzaindiak egiten duen lana eta Arruebarrenak adierazi du argitalpen honetan batzen direla izen guztiek “eta geroko lanek gure ezagutza aberasteko aterako dituzten beste batzuek ere, Leioak eta leioaztarrek, belaunaldietan, bizi izan duten mundua ulertzea ahalbidetzen digute. Azken berrogeita hamar urteetan aurreko mila urteetan baino aldaketa gehiago izan dituen mundua hain zuzen ere. Leioa eraldatu egin da, baina Leioa da oraindik ere”.
Andres Iñigok azpimarratu duenez, “herriaren izanaz mintzo zaizkigun leku-izenak. Hortaz, Leioako toponimo historikoak, horietako asko galduak edo ahantziak badira ere, eta egun bizirik dirautenak leioaztarren izanaren eta bere hizkeraren lekukotasun adierazgarriak dira. Gertatzen dena da biziaren bilakaerak, hirigintzaren hazkundeak eta paisaia geografikoaren aldaketa sakonak eragin zuzena izan dutela mendeetan zehar iraun duten izen ugariren galtze eta desitxuratze prozesuekin”.
Balio linguitsiko eta historikoa
Balio linguistikoa eta balio historikoa. Horiek dira toponimiak dituen bi balio nagusiak. Horrela, bada, ikerketa honen emaitzak askotarikoak dira: Leioako leku-izenak sendotzeaz gain, herriko toponimia historikoaren ia %100 euskalduna dela erakusten digu, “baina euskara eta gaztelaniaren arteko elkarbizitzak eragin zuzena izan du toponimian ere, eta jatorrizko izenak aldatu edo desitxuratu egin dira elkarreragin horren ondorioz”. Bestalde, Leioako euskara aztertzeko ere balio handiko informazioa ematen du toponimiak.
Leioako leku-izenak liburuak udalerriaren izenari buruzko informazio zehatza ematen du hasieran, eta ondoren auzo-, etxe- eta kale-izenen berri eskaintzen du. Leioako etxaldeei -baserriei- arreta berezi eman diete libururen egileek, “toponimian altxorrik handienak eta emankorrak” direlako. XVI. mendeko etxe-izen batzuk bildu dira, eta XVIII. eta XIX. mendeetako baserri zerrendak eskaintzen dira, informazio osagarriarekin: baserriari buruzko datuak (desagertua dagoen, adibidez), izenaren historia, gaur egungo kokapena eta baita argazki ugari ere. Azkenik, “beste leku-izen batzuk” izenburupean, mendien, basoen, erreken eta lur sailen izenen azalpenak bildu dira. Zehatz-mehatz, izen bakoitzari atxiki zaio fitxak ondoko informazioa dakar: izen arautua, ahozkoa, kokapena, sinonimoak, etimologia, izenaren historia eta, ahal denean, argazki zaharra.
Goizalde Ugartek esan duenez, "horrela, liburu honek ezagutu ditugun ibai, baserri edo auzoen jatorrizko izenak zeintzuk diren erakutsiko digu, eta ustez ontzat ditugunean oinarrian zer dagoen". Adibide batzuk eskaini ditu: Santsoena auzoan dagoen baserri bati "Elortes" izena eman izan zaio erderaz hitz egiterakoan. Baina dokumentazioan ikusi denez, "Elortes" hori Elorrieta jatorraren aldaera berria baino ez da. "Inoiz -gaineratu du- aldaketak badu logika. Garai batean Zuhatzu izeneko baserri bi ziren, baina Zuatzuarruekoaren aurrean beste bat eraikitzean berri hura bihurtu zen aurrekoa eta lehendik aurrekoa zena erdikoa". Beraz, holako adibide ugari bildu dira liburuan.
Euskaltzaindiak eta Leioako Udalak 2011ko apirilean sinatu zuten Leioako leku-izenak kaleratzea xede zuen lankidetza hitzarmena.
“Izenak” bilduma
Leioako leku-izenak Euskaltzaindiak argitaratzen duen “Izenak” izeneko bilduma barruan kaleratu da, 2. zenbakia da. Bilduma horren xedea euskal toponimia ezagutaraztea da. Izan ere, Euskaltzaindiaren Onomastika lanak euskal izenen ikerketa du helburu, bai antroponimoena (ponte izenak, deiturak...) bai toponimoena (toponimia nagusia, txikia, exonimia, kale izendegiak, etxe izenak...). Izen horiek bildu, sailkatu, ikertu eta arautu ondotik, beharrezkotzat jotzen du Euskaltzaindiak izenen forma zuzenak plazaratzea, euskararen erabileran eta normalizazioan eragina izan dezaten. Hain zuzen ere, hori da “Izenak” bildumaren xedea.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen