Gaur, maiatzaren 31n, zabaldu da Bilboko Liburu Azoka. Eta gaurtik ekainaren 10era, Azokak iraun bitartean, Euskal Pizkundeari buruzko erakusketa bat ikusgai dago Bilbon, Areatza pasealekuan. Erakusketa Liburu Azokaren ekimenez antolatu da; Euskaltzaindiak kolaboratzen du, Akademiaren Azkue Bibliotekak maileguan utzi duen materialarekin. Azokak duen ordutegi bera izango du: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Azkue Bibliotekak hainbat liburu, liburuxka eta aldizkari utzi ditu. Garai horretako euskal idazle edo kultur eragile enblematiko batzuen idazlanak dira, nagusiki Aitzol, Lauaxeta, Lizardi eta Orixerenak. Bestalde, Euskaltzaleak kultur elkarteak argitaratutako beste zenbait lan ere erakusten da, horien artean Arturo Campion, Manuel Lekuona, Miguel Altzokoa (O.F.M. Cap.) edota Bernardo Estornes Lasarenak. Hain zuzen ere, arreta berezia jarri zaio Euskaltzaleak elkarteari, 1930eko hamarkadan euskara eta euskal kulturaren aldeko dinamika indartsua sortu zuelako, buru Aitzol zelarik eta Lizardi idazkari.
Mapa hemendik hartua: "Euskaltzaleak Bazkunako Bazkideak 1930´ko lotazila´ren 31´an, Donostia" [mapa], in Euskaltzaleen-Deia, 1go zkia. (1931´ko Epaila´ren 31´an), 12. or.
Euskaltzaindiak maileguan utzitako materialari buruzko informazioa 104,74 Kb