Enkarterriko Udal Euskaltegiak eskatuta, Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika Zerbitzuko arduraduna bigarrenez hurbildu da Bizkaiko eskualde horretara, hitzaldi bat ematera. Hitzaldiaren izena "Amaia debekatuta zaude" da eta bertan euskarazko pertsona-izenen historia biltzen da. Hitzaldia atzo, maiatzaren 29an, izan zen, eta izenen inguruan hitz egiteaz gain, Gorrotxategik Euskaltzaindiaren historia laburra eta funtzionamendua azaldu zituen. Hauen osagarri moduan deiturei buruzko ohar batzuk ere zabaldu zituen.
Esan bezala, bigarren aldiz egon da Euskaltzaindia Enkarterriko Udal Euskaltegian. Iaz hainbat herritako irakaskuntza zentrotan eman zituen horrelako hitzaldiak, bertako zuzendaritzak edo euskara zerbitzuak eskatuta.
Hitzaldi hauekin onomastika alorra ezagutzeaz gain, Akademia bera ere ezagutzea eta hiritarrengana hurbiltzea nahi da.