Zaratamoko toponimiaren mapa amaitu da. Maiatzaren 18an, Elexaldeko Kultura Etxean eginiko ekitaldi batean, 2008az geroztik egin den ikerketaren emaitza jasotzen duen mapa toponimiko-topografikoa aurkeztu zen, eta herritar guztien eskura jarri. Lana Maier Gurrutxaga eta Goizalde Ugarte ikertzaileek egin dute, Felix Mugurutza Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidearen zuzendaritzapean. Aurkezpena hauek egin zuten: Jon Ajuria Zaratamoko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiak eta Felix Mugurutzak.
Zaratamoko leku-izenen inguruko ikerketa egiteko herriko jendearen partaidetza oso garrantzitsua izan da, herritarrek osatutako lan talde batek ikerketa egiten lagundu duelarik.
Zaratamoko Udalak maparen 2.000 ale argitaratu ditu. Udalaren webgunean, mapaz gain, ikerketa bera ere jaitsi ahal da.