Gaur, maiatzaren 15ean, Antonio Tovar. El filólogo que encontró el idioma de la paz liburua aurkeztu du Jose Andres Alvaro Ocariz egileak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Siníndice argitaletxeak publikatu du.
Antonio Tovar espainiar hizkuntzalari, euskalari eta euskaltzain ohorezkoa izan zen. 1911n jaio zen, Valladoliden. Zuzenbidea, Historia eta Filologia Klasikoa ikasi zituen. Latin Katedra lortu zuen Salamancako Unibertsitatean. Unibertsitate horretako errektore izan zen, 1951tik 1956ra bitartean, eta Larramendi Katedra sortu zuen, euskal ikaskuntzei eskainia. Latinaren aurreko hizkuntzak aztertu zituen, bereziki euskara. Euskarari buruz hainbat lan idatzi zituen, besteak beste: Estado actual de los estudios de filologia euskerica. La lengua vasca; El euskera y sus parientes; Mitología e ideología sobre la lengua vasca. Espainiako Akademiako kide izan zen.
1985eko abenduaren 14an hil zen. Koldo Mitxelenak "Antonio Tovar oroitzapenetan" nekrologikoa idatzi zuen. Euskera agerkarian argitaratu zen, eta hemen irakur daiteke. Bestalde, 1993an, Consuelo Larruzea Antonio Tovar zenaren alargunak Euskaltzaindiari eman zion senarraren euskal liburutegia. Ekitaldi horretan Jose Antonio Arana Martijak -Akademiako bibliotekari akademikoa zenak- esan zituen hitzak ere Euskera-n jaso ziren. Irakurtzeko, sakatu hemen.