"Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia" liburua Euskaltzaindiaren webgunean
Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia liburua sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke, hemen. Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak prestatutako lana da, eta Akademiaren eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako "Mendaur" bildumaren 9. zenbakia da.
Liburuan Perpetua Saragueta (Erroibarko Mezkiritz, 1905) izan zenaren ondarea jaso da. Saragueta kazetari, kronista, idazlea izan zen. Bi multzotan bereizten dira bere idatziak: batetik, gerra aitzineko urteetan egin zuen kazetari lana; eta bestetik, urteetan zehar, batez ere joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, egin zituen idatziak. Horietako zati batzuk plazaratuak izan badira ere, Perpetua Saraguetak idatzitako multzorik handiena argitaratu gabe zegoen. Idatzi guztiak bildu dira liburu honetan. Horrekin batera, Andres Iñigo egileak landu duen Perpetua Saraguetaren hiztegia eskaintzen da.
Liburuari bi eranskin txertatu zaizkio: bata, gerra aitzineko garaian Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara igortzen zituen Mezkirizko eta Arizkungo dozena erdi bat kronika; bestea, CD bat, Jose Mari Satrustegik Perpetua Saraguetari 1977an eta 1979an egin zizkion hiru grabazio luze jasotzen dituena. Grabazio horiek ere webgunean daude; entzuteko, sakatu hemen.