Euskaltzaindiak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sarien hirugarren edizioaren deialdia egin dute. UPV/EHUn, 2010eko uztailaren 16tik 2012ko ekainaren 15era bitartean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara. Europar Tesi edo Nazioarteko Tesi gisa aurkezturiko tesiak ere onartuko dira, erabilitako hizkuntzetako bat euskara izan bada. Eskariak aurkezteko epea 2012ko ekainaren 15ean amaituko da. UPV/EHUren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan aurkeztu ahal izango dira.
Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmenaren arabera, bi erakundeok "Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sariak" sortu zituzten 2008an, euskaraz egindako ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira. Bost jakintza-arlo nagusietan -Zientzia Esperimentalak; Ikasketa teknikoak; Osasun zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak - saridun bana esleituko da. Irabazleek oroigarria, diploma eta 2.000 euro jasoko dituzte.
Urtero 300etik gora doktorego tesi aurkezten dira Euskal Herriko Unibertsitatean, horien artean bi dozenatik gora euskaraz idatziak direlarik, bai erabat euskaraz idatzita daudelako edota, nazioarteko doktorego tesiei buruzko araudiaren barnean, testuaren zati esanguratsu bat euskaraz dagoelako. Koldo Mitxelena sarien bitartez, EHUk eta Euskaltzaindiak euskarazko tesi horien ekarpen bikoitza nabarmendu nahi dute: alde batetik, beste hizkuntzetan eginiko gainerako tesiek bezalaxe, jakintzaren sakontzea eta zabaltzea ahalbidetzen dute. Eta, bestetik, euskararen normalizazioaren prozesuan ere ezinbesteko laguntzak eskaintzen dituzte.
Sari hauen epaimahaia honako hauek osatuko dute: EHUko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea, epaimahaiburua izango denak; Euskaltzaindiaren Iker sailburua, epaimahaibuorde gisa arituko denak; EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendariak; eta bost jakintza-arloetako bina doktorek. Bestetik, EHUko errektorea eta euskaltzainburua ohorezko buruak izango dira eta botorik ez dute izango. Azkenik, Euskara Errektoreordetzako teknikariak idazkari lana egingo du eta, ohorezko buruek bezala, botorik ez du izango.